Xabi Garziaren iritzi-artikulua.
http://www.naiz.eus/eu/iritzia/cartas/altsasutik-nafarroa-osora
Nahi duzun guztia ulertzeko, nahi duzun guztia esateko.
Horretarako berritu dugu Altsasuko Itsatsi euskaltegia. Sakanako
herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, sakandarrei
euskahalduntzen laguntzen jarraitzeko. Horretan ari gara azken urteotan
AEKn; eauskara egunerokoan edo lanean erabili nahi duten horiek metodo
eraginkorra aurkituko dute AEKn. Euskara praktikoa, eguneroko
premietarako. Ideia horixe da: AEKrekin lortuko duzue “nahi duzuen
guztia ulertzea, nahi duzuen guztia esatea.”
Halere, gu ez gara
protagonistak. Izan ere, irailean matrikulazio-kanpainan azpimarratu
dugun bezala, AEK-kook laguntzaileak baino ez gara, herritarrek euskara
ikas eta erabil dezaten. Benetako protagonistak horiek direlako,
ikasleak: iaz euskaltegiak bete zituzten milaka ikasleak; udan barnetegi
eta ikastaro trinkoetan euskara ikasten jardun duten pertsonak; eta
ikasturte honetan euskara ikastera etorri diren lagun guztiak. 1.000
lagun baino gehiago dabiltza dagoeneko AEK-k Altsasun eta Nafarroa osoan
dituen euskaltegietan eta ikastaroetan. Aurreko ikasturtean baino jende
gehiago hurbildu da. Pozgarria benetan.
Hortaz, euskarak
izandako tokia berreskuratzeaz ari gara, urteen eta hamarkaden poderioz
eremuak galdu zituen; era berean, hizkuntza-politika zitalek lekua kendu
izan diote behin eta berriz, maltzurkeria osoz. Gure herrian,
normaltasunez bizi nahi dugu euskaraz, goizetik gauera, edonon. AEKren
erronka nagusia ezaguna da, bereziki helduen euskalduntzean eta
euskararen berreskurapenean aritzea, hain zuzen ere, gure
aurkezpen-txartelak dioen moduan. Berreskuratzea, aditz polita.
Hori
bai, kezkak jota geratzen gara aditz hori beste testuinguru batzuetan
entzuten dugunean: euskaltegiek inoiz ez dute izan finantzaketa-maila
egokirik, euskarak ez du izan hamarkadetan, mendeetan, aldeko
hizkuntza-politikarik... Beraz, kezka bizia eragiten digu kontu horiei
lotuta “berreskuratu” aditza erabiltzen dela ikusteak.
Gu euskararen
herria berreskuratzeaz eta eraikitzeaz ari gara. Horretarako, neurriei
dagokienez, berreskuratu baino, bestelako politikak eta neurriak behar
dira, arlo juridikoan, jardunbide politikoan, baliabideetan, diskurtsoan
eta giro sozialean.
Zonifikazioari izkin eginda, herren jaio da
Aldaketaren Gobernua; dena den, neurri eta egitasmo garrantzitsu asko
ikusi ditugu asmoen artean, oinarri egokia Hizkuntza-Politika
eraginkorrra abian jartzeko. Bide horretan, nola ez, gure konplizitate
osoa izanen duzue. Guk berreskuratzen dugun bitartean, zuek eraiki eta
abiatu bide berriak Administrazioaren eta Euskalgintzaren artean
euskararen normalizazioa erdiesteko.
Bide horretan, beraz,
euskaltegi berria dugu abian Sakanan. Zorionak Altsasu! Zorionak
Nafarroa osoko euskaltegietan ikasturteari ekin diozuenoi!