Eskualdeko etorkinek euskara eta euskal kultura
ezagutzeko asmoarekin, Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzuak
antolatutako bi ikastaro berri hasi dira.
Irene Arrizurieta,
Altsasu
Etorkinak, euskara ikasteko ikastaroaren lehen saioan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Sakanara (Nafarroa) bizitzera eta lanera joaten diren
etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko helburuarekin, bi
ikastaro berri antolatu ditu eskualdeko mankomunitateko euskara
zerbitzuak. Biak duela hiru aste hasi zituzten, bata arratsaldez,
Altsasun, eta bestea goizez, Lakuntzan. Ikasteko gogoak eta jakin-minak
bultzatuta ari dira ikasten parte hartzaileak.
Sakanan 20.800
biztanle eskas bizi dira. Horietatik, 2011ko datuak aintzat hartzen
badira, 2.036 etorkinak dira. Eskualdeko biztanleriaren %9,5, hain
zuzen. Etorkin talderik esanguratsuenak Maroko eta Ekuador
herrialdeetatik etorritakoak dira, Errumania eta Bulgariako taldeak
atzetik dituztelarik. Immigrazioaren gertakaria nahiko berria da
Sakanan, baina azken urteetan nabarmen egin du gora. Datu ofizialak
begiratu besterik ez dago. Duela hamabi urte, 2000. urtean, etorkin
portzentajea %1,69koa zen. Egun, berriz, %9,5ekoa. Beraz, hamarkada
batean zortzi puntu igo da etorkin kopurua eskualdean. Horregatik,
euskararekin eta gaztelaniarekin batera, arabiera, errumaniera,
bulgariera, wolofa, amazigha eta beste entzun daiteke Sakanako
herrietako kaleetan.
Errealitate hori ikusirik, hiztun horiek
euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko asmoa lantzen hasi zen
Sakanako Mankomunitatea. «Ez da euskara ikastaro arrunt bat. Etorkinak
euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea da helburu nagusia», dio
Izaskun Razkin Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak.
Euskararekiko sentsibilizazio lan horretan, 60 orduko ikastaroa da
euskara zerbitzuak eskaintzen duena. Oinarrizko kontuak ikasten dira:
euskaraz agurrak eta aurkezpenak nola egin, besteak beste.
Beharrak bultzatuta
Altsasuko
taldea herriko Zelandi ikastetxeko guraso elkarteak eskatuta sortu da.
Hamabost ikasleko taldea da. Denetarik dago, baina batez ere Madrildik
lanera etorritako gurasoek osatzen dute. Arcelor-Mital multinazionalak
Gipuzkoako Zumarraga eta Ordizia herrietan dituen lantegietara beharrera
etorritako langileak dira. Virginia Potenciano 41 urteko madrildarra da
horietako bat. Senarraren lanagatik etorri da Euskal Herrira bizitzera.
Zumarragako Arcelor-Mittal enpresan lan egiten du haren senarrak.
Ikastaroaren lehen eguna asko gustatu zaio. «Parte hartzailea izan da,
eta mugitua, ez duzu aspertzeko betarik». Altsasura etorrita, euskara
ikasteko beharra sentitu duela dio. «Komunikatzeko premia dut, eta
euskara ikasteko beharra sentitu dut». Euskara ikasteko aukerarekin oso
pozik da.
Taldean dauden asko haren egoera berean daude. «Familia
asko etorri gara Madrildik hona bizitzera, eta inguru berrira egokitu
behar dugu». Euskara ikasteak ingurukoekin harremanak hobetzen ez eze,
lana lortzeko aukerak ere zabalduko dizkiola uste du. «Ate asko irekiko
dizkit. Euskaraz jakinda lan aukera gehiago izan ditzaket. Hemen bizi
behar dut, eta etorkizunean pentsatu», azpimarratu du. Potencianok 7
urteko semea du, eta harentzat euskara irakaslea hartu behar izan du,
eskolatik aparte, etxean ere euskara ikas dezan. Haurrari eskolako
lanetan laguntzeko ere baliagarria zaio euskara ikastea. Maitane
Aiestaran dute irakaslea Altsasuko eta Lakuntzako taldeek. Pozik eta
harrituta dago euskara ikasteko duten interesarekin.
Iturria: berria.info