2015-05-31

ASTEAZKENEAN ALTSASUKO AZOKAN MINTZODROMOA EGINGO DUGU

- Ikasturtean zehar ikasi duguna erakusteko.

- Geure burua ikusarazteko.

- Euskara ikusarazteko.

- Euskara plazara ateratzeko.

- Azokan dabiltzan euskaldunengana ailegatzeko.

- Azokan dabiltzan erdaldunengana hurbiltzeko.


Ekainaren 3an, asteazkenarekin, 10:30etik aurrera Altsasuko asteroko azokan izanen gara.



2015-05-30

NOIZ JASO BEKA ESKATZEKO PAPERAK?

Maiatzaren 29an batzuek, ekainaren 11n beste batzuek eta ekainaren 13an beste batzuek klaseak despedituko dituzue.

Ekainaren 15etik 19ra bitarteko astea euskaltegitik pasatu zaitezte beka eskatzeko paper horiek eske, goizez eta arratsaldez.

Nahi baduzue,  etorri aurretik hots egin: 948 468 258 / 607 624 392

Hona hemen Mankomunitatearen beka eskatzeko argibideak:

Mankomunitatearen beka eskatzeko argibideak

Dena dela, hauek dira ohar garrantzitsuenak:

Eskatzeko epea: ekainaren 1etik uztailaren 30era.

Non eskatu: paperak Mankomunitatera eraman edo postaz bidali

Zein paper behar dira:
- Euskaltegiko ziurtagiria
- Nortasun agiriaren fotokopia
- Udalaren errolda-ziurtagiria (Sakanan bizi zarela frogatzeko)

2015-05-29

BESTE ARTE ERAKUSKETA BATEAN IZAN GINEN ATZO



Atzo, klasearen azken ordu erdian, Altsasuko Iortia kultur etxera joan ginen arte erakusketa bat ikustera. Itziar Nazabal margolariaren ikasleek egindako irudiak ikusi genituen.

EUSKARAZKO TOPONIMOEN GALDERAREN ERANTZUNA

Cuzcurrita, Lamiturri, Ezquerra, Ordoquia, Uzquiza, Ochánduri, Uranciona, Villaváscones, Anderiturri

NONGO TOPONIMOAK DIRA?

a) Kantabriakoak 4 boto
b) Burgoskoak 10 boto
c) Errioxakoak 17 boto
d) Lleidakoak 4 boto



 Toponimo horiek Burgoskoak dira Euskara Jendea liburuaren arabera. Baina euskaltegian esan dute Errioxan badela Cuzcurrita izeneko herri bat. Beno, pasabideko galdera jolasa baino ez denez. 

Euskara Jendea dokumental/libururako lotura 









Burgoskoak direla esan dutenen artean zozketa egin dugu eta nor da ohoreduna? Ba, Eufe! Bejondeizula!



2015-05-28

GAUR GOIZEAN NEPALEN IZAN GARA

Duela urte batzuk euskaltegiko irakasle bat Nepalen izan zen, Khumbu bailaran zehazki. Everest, Lhotse, Pumori, Nuptse, Ama Dablam, Cho Oyu, Makalu mendiak ikusten.

A1 eta A2 mailako ikasleek atzo bidaia ongi ulertzeko lanketa egin zuten: paisaiaren ezaugarriak, altuera gaixotasuna, elikadura...

Gaur bidaiaren diapositibak ikusi ditugu.


2015-05-27

HONA HEMEN 2015EKO NANOIPUIN IRABAZLEAK

1. mailan

HARITZ MAGIKUE

Neguko egun betien San Adrian mendire fan nintzen ta auriye hasi zan. Ikus
nen haritz haundi bet. Zuluat zakan. Korrika fan nintzen ta zuluen sartu
nintzen. Bat-batien ahotsat entzun nen barnetik esaten:
−Sartu, sartu!
Zulo barnen bulketu nen ta zabaldu zan kobazuluat non eskailerak zeen
antortxekin. Kobazulue oso haundiye zan. Barna sartzekuen ikus nen zola
erreka handi bet ta putzu haundi bet.
Bat-batien ikus nen ni bezalako gaztiat ta esan zuten:
−Iepa, mutil!
Honek gonbidatu zuten zizek ta intxorrak jatia bertan bizi zien beste jende
geyokin.
Lurrazpiko herriye zan ta milaka urte yamaten zebien han bizitzen, Sakana
lurrazpiyen. Kontatu zubieten lurgeñeko jendie ezautzen zebiela. Berayek
nehiz ta haritz barnien pertsonak nabai, handik atatzerakuen animaliyek
bihurtzen zien. Halare haritz barnien, lurrazpiyen, gizakiyek bihurtzen ziela
ta heriotzpekuek.
Pozik ta zoriontsu bizi zien ta izkutuben yamaten ttut barnen.
“Batzuten haritz barnen sartzen neiz ta berayek dien moduben ibiltzen neiz,
haritz horrek magia dakalako.”

Aszen Mendiola Etxarri


USOA ETA LORE MAGIKOA


Bazen behin, Sakanako herri batean bizi zen neska bat.
Bihurria baina oso ona zen. Soineko luze eta morea janzten
zuen. Ile horia, begi berdeak, ezpain gorriak zituen. Argala zen
eta esku leunak zituen. Esku batean pultsera urdin eta
disdiratsua eramaten zuen. Bere izena Usoa zen.
Arratsaldero Usoa Trinitatera igotzen zen lore magiko
bat bilatzera bere ama sendatzeko. Gaixo zegoen. Baina
aurkitzea zaila zen. Horregatik Usoa triste zegoen.
Arratsalde batean, mendian, beste neska batekin topatu zen.
Bere buruan lore-koroa bat eraman zuen. ¡¡¡Lore-koroak lore
magikoak zituen!!! Usoak beste neskari bere historia kontatu
zion eta neskak koroa oparitu zion. Usoak irribarre egin zuen.
Bere ama sendatu zuen. Harrezkero, urtean behin, biak,
lore-koroa bat egiten dute eta Trinitatera igotzen dira ospatzera.

Ana Mallenco Vilches

2. mailan

FAENA EDERRA

Josebaren semea estu eta larri “Txoko-zar” tabernara sartu zen. Hantxe albaitaria
edaten eta kartatan zegoen, beti bezala.
– Mikel jauna! Suizako behi berria oso larri dago. Gure baserrira joan zaitezke?
– Oraintxe bertan joango naiz.
Baserrian, albaitariak behia ikusi zuen eta Josebari esan zion:
– Ez kezkatu Joseba, ez da ezer, injekzio bat jarriko diot eta ordu bat barru
sendatuko da.
Injekzioa jarri zion eta joan zen.
Ordua pasatu ondoren, Joseba “Txoko-zar” tabernara sartu zen eta albaitariaren mahai
gainean bi belarri eta buztana utzi zituen.
– Hor duzu zure trofeoa. Behia injekzioarekin hil egin duzu eta.

Jose Mari Rodriguez Mazkiaran

3. mailan


SAN PEDROKO BASELIZA

Historiaurrean, Altsasun momotxorroak bizi ziren eta Urdiain Jentilez beteta zegoen. Beraien artean beti liskarrekin zebiltzan baina buruhauste handiena San Pedroko baselizagatik zen. Bi taldeak baselizaren jabi izan nahi zuten, baina hain txikia zenez, ezin zuten banatu.
Egun batean, eguzkiak gogor jotzen zuenean (hori dio kondairak), Jentilak lo egin zeudenean, momotxorroek eraso egin zieten eta denak akabatu zituzten.
Garaipena ospatzeko beraien odolarekin alkandorak zikindu zituztez eta herrira joan ziren, baselizako giltzarekin.
Horrexegatik, gaur egun, momotxorroek beraien maindireak zikintzen dituzte, borroka hura gogoratzeko eta Sakanako jendeari adierazteko, San Pedroko baseliza altsasuarrena dela.

Cristina Troyano Maldonado














2015-05-26

A1 MAILAKO IKASLEEK ARAZTEGIA BISITATUKO DUTE

Arratsaldetan A1 mailan  ari diren ikasleek aste honetan, ostegunean seguruenik, txangoa egingo dute. Urdiain-Altsasuko araztegia bisitatuko dute.

Gure etxeetan kontsumitzen (eta zikintzen) dugun ura nora joaten den eta ur hori nola garbitzen (arazten) den ikasiko dute.
Naturaren zaintzari dagokionez zein ohitura on eta zein ohitura txar dauzkagun ikasiko dute.

2015-05-24

ELKARTASUNEZKO KONTSERBA LOTEAK

Otsailean 3.000 despentsa bertoko 45.500 litro olioz bete ostean, kontserba loteen txanda izango da maiatzaren 14tik 26ra


Nafarroa hegoaldean ekoiztitako 6 kontserba lote eskainiko ditugu, auzolanean, ingurumenari eta elikagaien sektoreko langileei begirunea galdu gabe eta euskaraz kontsumitzeko aukera emanez.


 BARAZKI MENESTRA 720 ml-ko 12 poto 36 euro
POTXAK  720 ml-ko 12 poto 34 euro
ORBURUAK 720ml-ko 12 poto 41 euro
PIKILLO PIPER OSOAK 425 ml-ko 12 lata 35 euro
PIKILLO PIPER EKOLOGIKOAK 250 ml-ko 12 poto 41 euro

ZAINZURIAK 425 ml (8-11 ale) 10 lata 30 euro
  
Nahi dituzu? Zatoz euskaltegira eta egin eskaera!

2015-05-23

NANOIPUIN LEHIAKETAKO SARI-BANAKETA EGIN ZEN ATZO


Euskaltegiko ikasleei eta mintzakideei zuzendutako nanoipuin lehiaketa.

2015 urtea

* 1. maila ( B1 maila arteko ikasleak) 

Bi irabazle: Haritz magikoa Aszen Mendiola Etxarri
Etxarri Aranatz

eta

Usoa eta lore magikoa Ana Mallenco Vilches
Irurtzun

*2. maila (B2 maila arteko ikasleak)

Faena ederra Jose Mari Rodrigez Mazkiaran
Altsasu

*3. maila (C1 maila arteko ikasleak)

San Pedroko baseliza Cristina Troyano Maldonado
 Altsasu


 Sariak liburu loteak eta loreak dira.
 

2015-05-22

MAIATZAREN 28 ARTEKO PASABIDEKO GALDERA

Cuzcurrita, Lamiturri, Ezquerra, Ordoquia, Uzquiza, Ochánduri, Uranciona, Villaváscones, Anderiturri

NONGO TOPONIMOAK DIRA?

a) Kantabriakoak
b) Burgoskoak
c) Errioxakoak
d) Lleidakoak



NANOIPUIN LEHIAKETAKO SARI BANAKETA GAUR



2015-05-20

BIZI BARATZEA LIBURUAREN AURKEZPENA

Bihar, maiatzak 21, Jakoba Errekondo ezagunak bere liburua aurkeztuko du.

Zure baratzea gauzatzen hasteko asmotan bazabiltza edo jada hasita bazara, Jakoba Errekondo paisajistak egin berri duen liburua zuretzat da. Bizi Baratzea. Garaian garaikoa garaiz du izena eta bertan, hainbat aholku aurkituko duzu modu atsegin eta ulerterrazean. Errekondoren hitzetan, baratzezaintzan falta zen ikuspuntua dakar liburuak.

ARGIAren eskutik argitaratu den liburu honek Donostiako Udalaren, Kutxa Ekogunearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gureak Taldearen babesa jaso du.

Beraz, bihar, maiatzak 21, Etxarri Aranazko liburutegian arratsaldeko 19:00etan.

Antolatzailea: Mandoibai elkartea


NEPALERA JOAN-ETORRI LABURRA GAUR

Gaur arratsaldean B2koek Nepalera joan-etorria egingo dute.

Irakasle bat han bi aldiz egon dela kontuan izanik  eta egun Nepal larrialdian dagoela jakinda, hango irudiak eta istorioak ezagutuko ditugu.


2015-05-18

GURE IKASLE ASKO GURASOAK DIRA ETA BESTE ASKO AITON-AMONAK

Gure ikasle asko gurasoak dira eta beste asko aiton-amonak dira.

Hona hemen seme-alaba eta ilobekin asteazken arratsaldea pasatzeko proposamena.

MAIATZAREN 20AN, 17:00ETAN, ALTSASUKO PILOTALEKUAN

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 
TXO, MIKMAK TXIKIA


2015-05-17

BAI GUSTURA BEHITEGIA EZAGUTZEN!

Kontu eta bitxikeria asko kontatu zizkigun Aberrik.

Guk galdera asko egin genituen eta Aberrik denak erantzun zizkigun.

Eta behiekin eta txahalekin pixka bat jolastu ginen

Benetan ongi zainduta dauzkate behiak Jeingenekoan!

Eskerrik asko, Aberri Barandalla!














 


2015-05-14

BALEONTZIAREN ERREPIKA EGITEKO ZURAREN JATORRIA

San Juan baleontziaren errepika egiteko zura Sakanakoa da. Garai bateko baleontziak ere Sakanako haritz eta pagoekin egiten ziren.

Altsasuko Dantzaleku eremuan kontu horiek eta beste asko ezagutzeko ibilbidea dago.

Atzo arratsaldean bi taldek bisitatu genuen.

Hona hemen informazio jasotzeko bi gune:

Dantzalekuko informazio gunea baleontzien inguruan

Baleontziaren errepika eta beste hainbat kontu

Halaber, inguruko hainbat landareren izenak ikasten aritu ginen.




2015-05-13

IRAKURRI, GOZATU, OPARITU KANPAINA APROBETXATZEN ARI ZARETE?

Topagunea euskaltzaleen federazioak Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren bederatzigarren edizioa jarri du martxan, euskara elkarteen, liburutegi publikoen eta liburu dendekin batera eta Sakanako Mankomunitatearen babesarekin. Liburuaren Nazioarteko Egunean, apirilaren  23an, abiatu eta ekainaren 30era arte iraungo du. 
Kanpainaren izenak berak ongi argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
1.      Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango duzu.
2.      Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira bueltatu, eta fitxa bat bete beharko duzu. Fitxa hori beteta, liburutegiko arduradunak erosketa-txekea emango dizu, Sakanako honako liburu denda hauetan  erabiltzeko: Arkatz, Beriain, Kaxeta, Liburunda eta Martxueta.
3.      Oparitu. Azken pausua, liburua opari egitea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketan %25eko beherapena izango duzu, —%50 Sakanako euskalgintzako talde bateko kidea (BIERRIK fundazioko bazkidea esaterako) edo mintzakidea izanez gero. 
Ekainaren 30era arte egongo da liburutegietan erosketa-txekeak lortzeko aukera, eta uztailaren 11ra arte txartel horiek liburu dendan erabiltzeko.

BASOA IZENDATZEKO TXANGOA GAUR

Gaur arratsaldeko B2ko ikasleak eta irakaslea Altsasuko basora joango gara eta han basoa "izendatzen" saiatuko gara.
 
haritz
pago
lizar
hirusta
gorosti
garo/ira/iratze/ixtor
goroldio
lahar
masusta
zain-belar
astigar
arkakarats
elorri zuri
elorri beltz
atxapar
haltz
gaztainondo
onddo
asun
pupurru/mitxoleta
hurritz
orbel
mihura
mazpil
urki
lertxun
ote
illar
huntz
txikori belar
lusintxa 
liken
azeri buztan
sagarmin
lihoa
marrubi
moma/amaraun
satorzulo
lohi

zizare
bare
barraskilo
ezpara/ezpore
katagorri/urtxintxa
ziraun
katalingorri/marigorringo
okil
kuku
igel/zapoziyel
kunkun/apo
zapaburu
eltxo
sugandila
arrabio
musker
orkatz
sator
sugegorri
tximeleta
matxinsalto
kilker
armiarma
ehunzango
liztor/erlamin
erle
zapatari
amuarrain
txipa/ezkailu
izain



2015-05-12

TXANGOAK ETA...

Hau beroa egun hauetan!

Basoko landare eta piztiak ezagutzeko txango didaktikoak egun hauetan.