2010-06-03

Eta... zer egingo duzu udan???

Udan, klaserik ez dagoenean, zer egin ez dakizulako aspertu egiten bazara, hona hemen ideia batzuk:

Opor-eskaintzak, helmuga zoragarriak, azken orduko eskaintzak, nekazalturismoak... Egia esan, bidaiatzeko mila aukera ditugu gaur egun. Horregatik, sektore honetan berrikuntzak aurkeztea zaila izaten da. Hala eta guztiz ere, turista "desberdin" bat izateko aukera dugu oraindik. Interneten modu alternatibo batean bidaiatzeko aukera ugari aurkezten dituzten webgune mordoa dago eta proposamenen originaltasunagatik nabarmentzen dira. Zure lagunak espiatzea edo bisitatuko duzun lekuko bidegurutzeen argazkiak egitea bezalako abenturak dira turismo esperimentala egin nahi izanez gero biziko dituzunak. Beharbada friki samarrak, baina, zalantzarik gabe, desberdinak. Ausartzen bazara, turismo esperimentalarekin leku harrigarriak ezagutzeko aukera izango duzu.


Horrelako oporraldiak eskaintzen dituzten bidaia-agentziak aurkitzea zaila da. Izan ere, turismo esperimentalak horrelako saltokietan eskaintzen duenaren aurkakoa proposatzen du. Tempoguste.com webguneak aukera interesgarrienetako batzuk biltzen ditu. Turismo esperimentala egiteko ehunka modu daude, baina lehen pausua era ustekabean bidaiatzeko ausardia izatea da.

Aspertzeko astirik gabe

Bidaia alternatiboa. Etxetik edo ostatu hartu dugun lekutik atera eta eskuinetara dagoen lehen kalea hartzea, ondoren ezkerretara dagoena, ondoren eskuinera eta berriz ere ez ezkerrera joatean datza. Horrela jarraitu behar duzu aurrera jarraitzea oztopatzen dizun oztopo bat topatu arte.

Monopoly-Turismoa. Bertoko Monopoly bat eskuratu behar duzu eta dadoek adierazten dutenaren arabera, tableroan azaltzen diren lekuak bisitatzea proposatzen du beste aukera honek.

EroTravela o EroTurismoa. Erronka bidaiari bakoitzak bere aldetik ibiltzea da eta, ondoren, aukeratutako herrian batak bestea bilatzea. Noski, telefono mugikorra erabiltzea guztiz debekatua dago.

Aurkako-Bidaia. Oraingo honetan, argazki-kamera bat beharko duzu, baina eraikin edo leku tipikoen erretratua atera ordez, aurrean duenari atera beharko diogu argazkia. Hau da, ezaguna dena atzean utzi eta aurrean duguna atera.

Jazarpen-Bidaia. Horrela bidaiatzea aukeratzen baduzu, oporretan dagoen lagun bati segika ibili beharko duzu eta teleobjetibo batekin argazkiak atera beharko dizkiozu, paparazzi batek egingo lukeen modura. Itzultzean, "bere" bidaiari buruzko argazki liburu bat erakutsi beharko diozu.

Insider Travela. Bertoko jendeari galdetzea beste aukera bat izan daiteke. Bidaia-gida bat erabili ordez, kalean topatzen duzun jendeari galdezka aritu zaitezke, hori baita lekua ezagutzeko erarik gertukoena. Horrez gain, bidaiatzeko era hau merkeagoa izan dadin, zure hirian bertan egitea proposatzen dizugu.

Slight Hitch Travela. Motxila edo maleta txiki bat hartu eta gertuen duzun autopistara gerturatu behar duzu. Ondoren, kartoi zati batean Hong Kong edo Mexiko bezala oso urrun dagoen helmuga bat idatzi behar duzu eta eramango gaituzten lekura arte bidaiatu. Erabakitako helmugara iristea nahiko zaila da, baina bidetik leku harrigarriak topatuko dituzu.

Mundu osoan lagunak topatzeko aukera

Duela urte batzuk, Alice Moura brasildarrak helmuga turistiko bat sakonean ezagutzeko era berri bat sortu zuen. Rentalocalfriend.com webgunean "bertoko lagun bat" alokatu dezakezu. Horrela, ekimenaren sortzaileak adierazi duenez, "beste txoko batzuk ezagutzeko eta gure ibilbidea osatzeko aukera izango dugu".

Munduko 15 hiritan banatutako 27 bertoko lagun eskaintzen ditu webguneak: "Egunean zehar zurekin egongo dira eta zure ibilbidea egiten lagunduko dizute. Gainera, bertoko giroaz gozatzeko aukera izango duzu". Kasu batzuetan "bezeroa eta alokatutako laguna benetako lagun bihurtu dira".

Motxila batekin, zure herrian edo lagun berriak ezagutzen... bidaiatzeko modu berriak geroz eta gehiago dira eta helburua gure oporraldiaz gozatzea da. Beraz, anima zaitez eta bila ezazu Interneten uda honetan mundua ezagutzeko harrituko zaituzten bidaiatzeko modu berriak topatzera