EUSKALTEGIETAKO IKASLEEI ZUZENDUTAKO IPUIN LEHIAKETA 2011
Oinarriak
Lehena
Lehiaketa honetan euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak har dezake parte, baita eremu bereko Mintzakide programako parte-hartzaileek ere.
Bigarrena
4 maila ditu lehiaketak: 1. mailan B1 maila arteko ikasleek har dezakete parte. 2. mailan, berriz, B2 maila arteko ikasleek. 3. mailan C1 maila arteko ikasleendako da. 4. maila lehiaketara aurkeztutako ipuinen audioendako da. Mintzakide programako parte-hartzaileek duten ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute. Horretarako propio azaldu beharko dute.
Hirugarrena
1. mailan, banaka edo taldeka, egile bakoitzak nahi beste testu aurkez ditzake. 2. mailan lanak banakoenak eta, gehienez ere, hirukoteenak izanen dira. 3. mailan lanak banakoenak eta, gehienez ere, hirukoteenak izanen dira, baina bakarkako lanen kasuan laguntzaileak onartuko dira grabazioa egiterako orduan. Lanen luzera norberaren esku dago.
Laugarrena
Lehiaketak aurrera egiteko gutxienez 10 lan aurkeztu beharko dira; bestela, bertan behera geldituko da.
Bosgarrena
Lanak euskara hutsean idatziko dira eta argitaratu gabeak, jatorrizkoak eta beste edozein lehiaketetan saririk jaso gabeak izanen dira.
Seigarrena
Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko.
Zazpigarrena
Sakanari buruzko erreferentziaren bat sartzea ezinbestekoa da (tokiak, gertakari historikoak…).
Zortzigarrena
Ipuin bakoitzaren bi kopia (bakarra, audio grabaketen kasuan) aurkeztuko dira lehiaketara. Ipuina gutun-azal itxi baten barruan sarturik aurkeztuko da izenorde batez sinatua. Gutun azalaren barruan beste gutun-azal itxi bat sartuko da. Bertan egileak bere datuak eman beharko ditu: izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta ikasketa-maila. Lanak internet bidez ere bidal daitezke (egileen datuekin batera) euskara@sakana-mank.com helbidera. Pdf formatuan egon behar dute eta ezin dituzte 5 mega baino gehiago izan.
Bederatzigarrena
Sakanako Mankomunitateak izendatuko du epaimahaia. Epaimahaiaren epaia apelaezina izanen da.
Hamargarrena
Lanak apirilaren 30era arte aurkez daitezke Itsasi euskaltegian edota Sakanako Mankomunitatean.
Hamaikagarrena
Aurkeztutako lanak Sakanako Mankomunitatearen esku geldituko dira. Mankomunitateak lanak argitaratzeko aukera gordeko du.
Hamabigarrena
Maila bakoitzeko saridunek liburu sorta bat jasoko dute.
Hamahirugarrena
Lehiaketan parte hartzeak berarekin oinarriak onartzea dakar.