Atzo argitu genuen Cardiff hiriko erraldoi misteriotsuaren kasua.
11 lagunek aztatu zuten zein zen gezurra.
Zozketa zintzoa egin eta gero, Patxi izan zen notarioa, Etxarri Aranazko taldeko Pedrok eramanen du saria!!!
Zorionak Pedro!!!
Hona hemen erraldoiaren gorabeherak:
Cardiff (New Yorkeko estatua, AEB), 1869
George Hull izeneko nekazari batek sesioa izan zuen apaiz metodista batekin. Apaizak lurrean erraldoiak bizi izan zirela zioen; nekazariak, ordea, ezetz.
Hortaz, nekazariak gehiago ez borrokatzea pentsatu zuen eta apaizari adarra jo behar ziola erabaki zuen.
Iowa estatuan 4 metroko kisu bloke bat erosi zuen. Blokea zertarako nahi zuen galdetu ziotenean berriki hil zuten Abraham Lincoln presidentearen estatua egiteko nahi zuela erantzun zuen.
Kisu blokea Chicagora (Illinois estatura) eraman zuen eta eskultore aleman bat kontratatu zuen erraldoia zizelkatzeko.
Eskultoreak xehetasunez betetako erraldoia zizelkatu zuen. Amaieran azidoz ere igurtzi zuen zaharraren itxura emateko.
George Hull nekazariak erraldoia hartu eta Cardiffera itzuli zen.
Bazeukan George Hullek diru arazoak zeuzkan lehengusu bat eta lagunduko ziola esan zion.
Lehengusuaren soro batean lurperatu zuten erraldoia eta han utzi zuten urtebete zahar itxura hartzen.
Kasualitatez, denbora tarte horretan, lehengusuaren soroaren inguruan fosil batzuk agertu ziren, benetako fosilak.
Urtebetea pasatu zenean, lehengusuak langile batzuk kontratatu zituen putzu bat egiteko soroan.
Hasi ziren langileak zuloa egiten... eta.... hara! erraldoia aurkitu zuten!
Jendea erraldoia Cardiffeko Goliath zela esaten hasi zen. Bolo-bolo zabaldu zen kontua eta jende askok ikusi nahi zuenez erraldoia, lehengusua sarrera kobratzen hasi zen eta dirutza polita egin zuen.
Gainera, jende arrunta eta ikerlariak eztabaidan hasi ziren. Batzuek Biblian aipatzen diren erraldoien froga zela zioten eta beste batzuek ezetz.
Bitartean, enpresari batzuk Cardiffera joan ziren eta 30.000 dolarren truke erraldoia erosi zuten, han-hemenka erraldoia erakusteko.
Beste enpresari batek, erraldoia negozio handia zela ikusita, beste erraldoi bat egitea enkargatu zuen. Benetakoa berea zela zioen eta Cardiffen zegoena faltsua.
George Hullek enpresari hau salatu zuen eta epaitegira joan ziren. Baina ez zen epaiketarik egin epailearen arabera ez baitzen serioa iruzurti batek iruzurti bat salatzea.
Eztabaida bizi-bizi zegoen batean, anatomista bat joan zen Cardiffera eta belarriaren atzean zulo bat egin zuen, benetako erraldoia bazen burmuin fosilizatua aurkitzeko eta aurkitu zuen bakarra kisua izan zen.
Iruzurra zela jakin zenerako urtebete pasatu zen.
Gezurra zela jakin arren, jendeak erraldoia bisitatzen jarraitu zuen eta jarraitzen du.
Egun erraldoia New York estatuko nekazarien museoan dago.