2013-03-24

EMAN EUSKARA ELKARRI - KORRIKAREN AMAIERAKO MEZUA

Korrika 18
Lekuko barruko mezua
Amets Arzallus
Ama hizkuntza


Ama hizkuntza esaten dugu hizkuntzaz erditzen garelako.

Erditzen esaten dugu amak gu egiten gaituenean guk ere bera egiten dugulako ama, elkar

egitea da erditzea. Antzeko zerbait gertatzen da hizkuntzarekin ere. Hizkuntzak egiten gaitu gu

eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak guri

eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea.

Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio

hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua.

Denok eman behar diogu elkarri euskara.

Euskara da ene ama hizkuntza. Baina ama hizkuntza zer da? Ama hizkuntza ez da lehenik

ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat,

pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun

han dago gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza

bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea. Bide horretan zatoztenoi miresmen eta goraintzi, eta

norbaitek esaten baldin badizue zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen

ama hizkuntza, esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta bide batez, esaiozue,

ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren

hizkuntza baizik.


Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama

hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu

hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu

erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen.

Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzaz erdituko gara.