2015-02-22

'Gu Euskahaldunak gara' dokumentala, gaur gauean, ETB1en

(www.eitb.eus helbidetik lortutako informazioa)

Korrikak sortarazten duen emozioan barrena murgilduko da saioa, euskarazko munduan erreferentziazkoak diren 19 lagun eragileren parte-hartzearekin.

GU EUSKAHALDUNAK GARA bideoaren iragarkia

Euskal Telebistak 'Gu Euskahaldunak gara' dokumentala eskainiko du gaur 22:45etik aurrera. Dokumentala Korrikak beteko duen 19. edizioari begira jarriko da. Zer dauka Korrikak denok liluratzen eta hunkitzen gaituena?

Euskarazko munduarentzat erreferentziazko indar-gunea da Korrika, eta emozio berezia pizten du bi urtetan behin Euskal Herriko herri guztietan zehar igarotzen denean. Olatu koloretsu honekin bat egin eta korrikan hasteko bultzada sentitzen dugu, ederra eta handia den zerbaiten parte izateko deia.

Guzti honetan sakontzeko, eta euskal munduaren ahulgune eta indar-guneak hobeto aztertzeko, euskarazko munduan erreferentziazkoak diren 19 lagun eragileren parte-hartzea izango du saioak. Pirrix, Porrotx eta Marimots pailazoak, Katixa Agirre idazlea, Dioni Agerre errugbi jokalari ohia, Maite Arroitajauregi Mursego musikaria, Amets Arzallus bertsolaria, Eñaut Elorrieta musikaria, Reyes Ilintxeta Euskalerria Irratiko esataria, Paxkal Indo Seaskako presidentea, Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendari ohia, Jose Anjel Iribar Athleticeko jokalari ohia, Iraia Iturregi Athleticeko jokalaria, Jose Luis Lizundia euskaltzaina, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista, Anaje Narbaiza Elay enpresako euskara planaren zuzendaria, Martxelo Otamendi 'Berria'ko zuzendaria, Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia, Maider Unda borrokalaria, Kirmen Uribe idazlea eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzailea.