2016-01-19

SARRI HASIKO GARA NANOIPUINAK IDAZTEN



EUSKALTEGIETAKO IKASLEEI ZEIN MINTZAKIDEEI ZUZENDUTAKO NANOIPUIN LEHIAKETA 2016

Oinarriak

Lehena
Lehiaketa honetan euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak har dezake parte, baita eremu bereko Mintzakide programako parte-hartzaileek ere.

Bigarrena
3 maila ditu lehiaketak:
1. mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek har dezakete parte.
2. mailan, berriz, B1 mailako ikasleek.
3. maila B2 eta C1 mailetako ikasleendako da.
Mintzakide programako parte-hartzaileek duten ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute. Horretarako propio azaldu beharko dute.

Hirugarrena
Lanak banaka egingo dira, eta egile bakoitzak nahi beste testu aurkez ditzake. Nanoipuin bakoitzak 150 hitz izango ditu, gehienez.

Laugarrena
Lehiaketak aurrera egiteko gutxienez 10 lan aurkeztu beharko dira; bestela, bertan behera geldituko da.

Bosgarrena
Lanak euskara hutsean idatziko dira eta argitaratu gabeak, jatorrizkoak eta beste edozein lehiaketetan saririk jaso gabeak izanen dira.

Seigarrena
Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko.

Zazpigarrena
Sakanari buruzko erreferentziaren bat sartzea ezinbestekoa da (tokiak, gertakari historikoak…).

Zortzigarrena
Nanoipuin bakoitzaren bi kopia aurkeztuko dira lehiaketara. Lana gutun-azal itxi baten barruan sarturik aurkeztuko da izengoiti batez sinatua. Gutun-azalaren barruan beste gutun-azal itxi bat sartuko da. Bertan egileak bere datuak eman beharko ditu: izen-abizenak, telefonoa, helbidea, e-posta eta ikasketa-maila. Lanak Internet bidez bidal daitezke ere euskara1@sakana-mank.com helbidera. Posta elektronikoz bidaliz gero, pdf formatuan egon behar dute eta datu guztiak beste dokumentu batean bidaliko dira.

Bederatzigarrena
Sakanako Mankomunitateak izendatuko du epaimahaia. Epaimahaiaren epaia apelaezina izanen da.

Hamargarrena
Lanak martxoaren 18ra arte aurkez daitezke Itsasi euskaltegian edota Sakanako Mankomunitatean.

Hamaikagarrena
Sariak eman gabe gera daitezke, baldin eta obrek ez badute behar bezalako merezimendurik. Era berean, sariak ex aequo moduan banatu ahalko dira lan batzuen artean.

Hamabigarrena
Aurkeztutako lanak Sakanako Mankomunitatearen esku geldituko dira. Mankomunitateak lanak argitaratzeko aukera gordeko du.

Hamahirugarrena
Maila bakoitzeko saridunek liburu sorta bat jasoko dute.

Hamalaugarrena
Lehiaketan parte hartzeak oinarriak onartzea dakar berarekin.