2009-01-25

EGAko BESTE idazlan labur bat

Hau da eskatutakoa:
Gaia:
Gazte kuadrilla batek auzoan arazoak sortzen ditu motoekin.
Egitekoa:
Auzokidea zara eta alkateari eskutitza idatzi nahi diozu gertaerak salatzeko.
Nahitaez eman behar duzun informazioa:
 Gazte kuadrillak eragindako kalteak.
 Salatutakoak non eta noiz gertatu diren.
 Haserrea adierazi eta soluzioa eskatu.


Etxarri Aranatzen, 2008ko martxoaren 16an


Etxarri Aranazko alkate agurgarria:

Aldapasoro auzoko 46. zenbakian bizi den Joana Lopez naiz eta gutun hau nire eta nire 250 auzokideen izenean bidaltzen dizut.

Duela bizpahiru urtetik gure bizi kalitatea gainbeheran doa eta azken hilabetean hondoa jo du.

Bada Etxarrin gazte koadrila bat auzokideen bizitza infernu bihurtzen aritzen dena. Orain dela hiru urte, koadrila horretako gazteek 16 urte bete zituztenean, batak bestearen atzetik motorrak lortu zituzten eta hor hasi zen gure kalbarioa.

Astero, ostegunean hasi eta igande gauera arte, motorrarekin gure auzoko kaleetan gora eta behera ibiltzen ziren, eroen gisara. Horrenbesteko abiadura bizian, non gure bizitzak arriskuan ikusten baititugu orduz geroztik. Ateratzen zuten zarata ere ez zen nolanahikoa. Motorren kebideak moldatzen zituzten susmoa hartua diogu auzokideok.
Bada, asteburu luze horietako zarata eta arriskuez gain, oporretan zer esanik ez.

Denbora pasa ahala, gazte hauek motorra alde batera utzi eta autoak lortu dituzte eta gazte hauen ibilgailuen tamaina handitu den heinean, beraien arduragabekeria ere hala handitu da. Hasieran, motorrekin zebiltzanean, nahiz eta eroen gisara ibili, istripuren bat sortzen bazuten, beraiek izan zirela aitortzen zuten eta bazuten asegurua. Orain, berriz, ez istripuak sortu bakarrik, sortuz gero eta beraiei zerbait erreklamatuz gero, modu txarrean erantzuten dizute eta, bada mehatxuak jaso dituzten auzokideen kasuak ere. Aseguruei dagokionez, orain ez dute halakorik.

Aldapasoro auzoko biztanleak nazka-nazka eginda gaude egoera honetaz. Asteburuetako eta opor-egunetako gauetan ez dugu lorik egiten zarata dela eta. Sarritan behar bezala aparkatutako gure autoetako atzeranzko ispiluak apurtura agertzen ez badira, karrozerian marrak agertzen dira. Gazte hauei zerbait aurpegiratzen dien auzokideak bere etxe atarian kalteak jasaten ditu, eta abar eta abar.

Hau guztia gutxi balitz, lehen esan bezala, duela hilabete gertatutakoa: ostiral gau batean, otsailaren 15ean zehazki, zaborrak botatzera zihoan gure auzokide bat harrapatu zuten eta ihesari eman zioten. Hanka apurtu zioten eta beraiengana kontuak eskatzera harrapatutako lagunaren familiakoak joan zirenean jipoituak izan ziren. Orain, egunero, gaueko hamarretatik hamabietara gure auzoan zehar ibiltzen dira izua zabalduz.

Honengatik guztiagatik, herriko udalak bizibide baketsuaren alde zerbait egin dezan eskatzen dugu.

Zure eta udalaren erantzunaren zain, eskerrik asko aldez aurretik,

Joana Lopez eta Aldapasoroko beste 250 auzokide

Oharrak:
Ø Behar baduzue gazte lotsagabe hauen izen-abizenak, helbideak eta auto matrikulak emango dizkizuegu.
Ø Guk gure aldetik, azken hiru urteetan salaketak jarri izan ditugu Altsasuko polizia etxean. Argi dago ez dugula ezer lortu, are okerrago baikaude, baina horretan jarraituko dugu, hau da, salaketak jarriz.