2009-01-18

Idazlan luze bat. Amaitua? Beti izango du zer aldatu

BIZITZA... NOREN ESKU?

Bada emakume italiar bat orain dela urte pilo batetik koman dagoena. Ez dut zehazki gogoratzen zenbat, baina dozena bat urte gutxienez bai.
Hainbat sendagileren azterketen ondorioz ez omen duela sendatzeko inolako aukerarik ziurtatu da. Hortaz, bere senideek emakume hau hiltzen uztea eskatu dute, “bizirik” mantentzen duten makinak itzaliz.
Kontua da ospitaleko arduradunek ez diotela hiltzen utzi nahi.
Familiakoek epaitegietara jo zuten beraien eskaria betetzea lortzeko eta arrazoia eman zieten.
Hala eta guztiz ere, ospitalekoek bere horretan jarraitzen dute.
Hau guztia ikusita galdera ugari datozkit burura.
Epaitegiek erabaki behar al dute pertsona batek bizirik jarraitu behar duen ala ez? Ospitaleko sendagileek? Sendiak berak?
Bada, oraingoan azken hauek dutela arrazoia iruditzen zait. Eskatu badute, zerbaitengatik eskatu dutela iruditzen zait. Halaber, ez dut uste pentsatu gabeko erabakia izanen zenik. Ziur psikologo eta abarren laguntza izanen zutela. Agian, egon liteke zirrikituren bat emakumea paretik kendu nahi dutela pentsatzeko; baina, ez dut uste arruntena izanen denik. Are gehiago, epaitegietatik pasa badira... kontua aztertua izanen zen.
Badakit, gainera, Italia osoan dabiltzala eta, bide batez, Europa osoan emakume honi buruz hizketan, neu kasu.
Oro har, ongi deritzot nork bere iritzia emateari, baina besteen bizitzetan horrela sartzeari... ez deritzot ongi. Tristea da ere epaitegi batek erabaki beharra pertsona baten bizitzaz eta, are tristeagoa, ospitalea familiaren desioekin nola jolasten ari den, epaitegietan onartutakoa ere ez onartuz.
Bai halako kasuetan bai abortoarenean bai homosexualen kasuetan... eta horrelako beste hainbat gaitan denek iritzia emateaz gain, badira zenbait muturra sartu eta ez diotenak jendeari berea egiten uzten. Moral katolikoaren jarraitzaileak dira hauek eta egungo gizartea moral katolikoaren oinordekoa da. Arestian aipatutako gai hauen guztien gainean bere iritziak gailentzen jarraitzen du, eta indar handia izaten. Jendeak, orokorrean, ez baditu moral katolikoaren bideak jarraitzen, sortzen duten istilua ez da nolanahikoa izaten. Italiako emakume honen kasuan ez da esan, baina erabat ziur nago arestian aipatutako moral katolikoa atzean dagoela.
Nire iritzia "monopolio" horrekin amaitu beharra dagoela da, eta beste askok ere iritzi bera dutela uste dut. Dagoeneko amaitu da eliza katolikoaren monopolioa. Bestela esanda, gizakien askatasuna eta eskubideak errespetatzen dituen gizarteak erlijioengandik aske egon behar du. Erlijioa gizakien askatasunaren barruan dagoen beste arlo bat da. Hori da, ongi esan dut, barruan. Ezin da bizitza publiko eta instituzionalaren zati izan. Ezin du emakume italiar horren etorkizuna baldintzatu.