2009-06-04

Zer jaten dugu?

Bazkaria prestatzen ari garela, xerra zartaginera bota eta ur pila ateratzen duenean... edo erosketak egiten ari garela, fruta gunera joan eta sagar disdiratsu eta ederrak ikusten ditugunean, laborategikoak direla ematen dutenak... edo haragi edo arrain paketeak ikusten ditugunean zein animalietakoak diren ez dakigunean... ziur aski noizbait pentsatu dugu: zer demontre jaten ari gara?
Gaur egungo elikaduraren aurrerapen zientifiko eta kimikoek zer jaten dugun ez jakitera eraman gaituzte.
Beste arlo askotan bezala, elikaduran negozioa eta globalizazioa oso zabalduak daude. Lehenengoari dagokionez, produkzio handia eta gastu txikiak helburutzat hartzen dira. Horretarako, aurrene inbertsioak egiten dituzte teknologian eta kimikan eta ondoren etekinak ateratzen saiatzen dira ekoizten dituzten lehengaiei produktu kimiko asko eta asko botaz. Transgenikoez ahaztu gabe.

Bigarrenaren kasuan, mendebaldeko gizartean batik bat, mundu osoko produktuak kontsumitzen ditugu. Hau da, inportazioak garrantzi handia dauka: produktu batzuk bertan hazi edo ekoizten ez direlako; beste batzuk, ordea, urtaro batean herrialde batean ez dagoenean, beste batean dagoelako. Esate baterako, hemen neguan tomaterik ez dagoenean; Txilen, aldiz, bai.
Honen guztiaren ondorio nagusia kontsumitzaileek erosten ditugun elikagaiekiko ezjakintsasuna dugu, ahaztu gabe jakien aukera eskasa dugula. Askotan janari horiek ez daramate etiketarik nola produzitu diren azaltzen dutenak. Hala ere, gaur egun hainbat produktu daramate etiketa, baina batek daki zer diren E-300 edo H-333 horiek. Litekeena da epe luzera ondorio txarrak ekartzea. Honez gain, abereak azkar eta merke kontsumitzeko moduan jartzeko nahi horretan, kate biologikoa apurtzen duten ekintzak egiten dira. Hala nola, ardien eta behien kasuan, haragiz egindako pentsuak ematea, belarjaleak izan arren.
Zertaz elikatzen ari garen jakiteko bidean badaude kontsumitzaileok aurrera eraman ditzakegun jokabideak, baita gobernuak bere aldetik egin ditzakeenak ere.
Geuk modu inteligenteagoan kontsumitu behar dugu. Batetik bertako jakiak erosiz, bide batez merkatu txikia bultzatuz eta mutinazionalak alboratuz. Bestetik, horrela etiketei jaramonik egin gabe erostea ekidin genezake, buruan izanda merke erostea ez dela garrantzitsuena, norberaren elikadura zaintzea baizik.