2013-01-02

EUSKARARA HURBILTZEN


Euskarara hurbiltzen


Eskualdeko etorkinek euskara eta euskal kultura ezagutzeko asmoarekin, Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzuak antolatutako bi ikastaro berri hasi dira.

Irene Arrizurieta, Altsasu

Etorkinak, euskara ikasteko ikastaroaren lehen saioan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Sakanara (Nafarroa) bizitzera eta lanera joaten diren etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko helburuarekin, bi ikastaro berri antolatu ditu eskualdeko mankomunitateko euskara zerbitzuak. Biak duela hiru aste hasi zituzten, bata arratsaldez, Altsasun, eta bestea goizez, Lakuntzan. Ikasteko gogoak eta jakin-minak bultzatuta ari dira ikasten parte hartzaileak.

Sakanan 20.800 biztanle eskas bizi dira. Horietatik, 2011ko datuak aintzat hartzen badira, 2.036 etorkinak dira. Eskualdeko biztanleriaren %9,5, hain zuzen. Etorkin talderik esanguratsuenak Maroko eta Ekuador herrialdeetatik etorritakoak dira, Errumania eta Bulgariako taldeak atzetik dituztelarik. Immigrazioaren gertakaria nahiko berria da Sakanan, baina azken urteetan nabarmen egin du gora. Datu ofizialak begiratu besterik ez dago. Duela hamabi urte, 2000. urtean, etorkin portzentajea %1,69koa zen. Egun, berriz, %9,5ekoa. Beraz, hamarkada batean zortzi puntu igo da etorkin kopurua eskualdean. Horregatik, euskararekin eta gaztelaniarekin batera, arabiera, errumaniera, bulgariera, wolofa, amazigha eta beste entzun daiteke Sakanako herrietako kaleetan.

Errealitate hori ikusirik, hiztun horiek euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko asmoa lantzen hasi zen Sakanako Mankomunitatea. «Ez da euskara ikastaro arrunt bat. Etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea da helburu nagusia», dio Izaskun Razkin Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak. Euskararekiko sentsibilizazio lan horretan, 60 orduko ikastaroa da euskara zerbitzuak eskaintzen duena. Oinarrizko kontuak ikasten dira: euskaraz agurrak eta aurkezpenak nola egin, besteak beste.

Beharrak bultzatuta

Altsasuko taldea herriko Zelandi ikastetxeko guraso elkarteak eskatuta sortu da. Hamabost ikasleko taldea da. Denetarik dago, baina batez ere Madrildik lanera etorritako gurasoek osatzen dute. Arcelor-Mital multinazionalak Gipuzkoako Zumarraga eta Ordizia herrietan dituen lantegietara beharrera etorritako langileak dira. Virginia Potenciano 41 urteko madrildarra da horietako bat. Senarraren lanagatik etorri da Euskal Herrira bizitzera. Zumarragako Arcelor-Mittal enpresan lan egiten du haren senarrak. Ikastaroaren lehen eguna asko gustatu zaio. «Parte hartzailea izan da, eta mugitua, ez duzu aspertzeko betarik». Altsasura etorrita, euskara ikasteko beharra sentitu duela dio. «Komunikatzeko premia dut, eta euskara ikasteko beharra sentitu dut». Euskara ikasteko aukerarekin oso pozik da.

Taldean dauden asko haren egoera berean daude. «Familia asko etorri gara Madrildik hona bizitzera, eta inguru berrira egokitu behar dugu». Euskara ikasteak ingurukoekin harremanak hobetzen ez eze, lana lortzeko aukerak ere zabalduko dizkiola uste du. «Ate asko irekiko dizkit. Euskaraz jakinda lan aukera gehiago izan ditzaket. Hemen bizi behar dut, eta etorkizunean pentsatu», azpimarratu du. Potencianok 7 urteko semea du, eta harentzat euskara irakaslea hartu behar izan du, eskolatik aparte, etxean ere euskara ikas dezan. Haurrari eskolako lanetan laguntzeko ere baliagarria zaio euskara ikastea. Maitane Aiestaran dute irakaslea Altsasuko eta Lakuntzako taldeek. Pozik eta harrituta dago euskara ikasteko duten interesarekin.

Iturria: berria.info