2013-01-18

GURE HARRERA TALDEAK GUAIXEN

Euskara eta euskal kulturarako aurkezpen txartela

Lakuntzan 12 ikaslek eta Altsasun 18k harrera ikastaroetan ari dira
 - Argazkia Haunditu Sakanara etorri berri direnak euskara eta euskal kulturarekin topo egiten dute. Haiek arrotz ez izateko eta lehen harreman bat izateko antolatu ditu harrera ikastaroak Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Helburua bikoitza da: etorkinek komunikazioaren oinarrizko elementuen ahozko eta idatzizko ulermena garatzea batetik. Eta, bestetik, Sakana eta euskal gizartea hobeki ezagutzea.

Azaroaren akaberan hasi ziren Lakuntza eta Altsasuko ikastaroak eta otsailaren 22an despedituko dira. 60 ordu izanen dira guztira. Bi herrietako eskoletako harremanaren fruitu dira bi ikastaroak. Lakuntzan Afrika iparraldeko eta Hego Amerikako sakandar berriak daude ikastaroan. Altsasun, berriz, Zelandi guraso elkartearen ekimenez sortu da taldea. Izan ere, Madrildik Olaberriako Arcelor Mittalen lantegira lanera etorritako langile asko Altsasun bizi baitira. Haiekin batera, Europako herrialdeetako altsasuar berriak ere ari dira. Hala ere, taldeak osatzeko Mank-ek beste herrietara ere zabaldu zuen eskaintza eta horrela osatu dira taldeak.

Zergatia
Izena emateko arrazoiei dagokienez, Maitane Aiestaran irakasleak azaldu digu seme-alabak D ereduan dauzkatela eta haurrak laguntzeko gogoagatik eman dutela. Horretaz aparte, hemengo giroa ezagutzeko helburua ere badute. Gainera, haietako batzuek jende euskalduna ere ezagutzen dute eta horrek ere zeresana izan du.

Harrera ikastaroa despeditu ondoren, euskara ikasteko dagoen eskaintzaren eta laguntzen berri emanen die Euskara Zerbitzuak ikasleei. Gaur egun AEKn ikasten ari den talde bat, esaterako, horrela sortu zen.

Testu moldatua
Iturria www.guaixe.net