2009-07-28

Hitz pasa jokoaren erantzunak

A. apeta
B. bortitza
D. doan, dohainik
E. etsi
F. fereka
G. gernua
H. harraska, harria
I. ilbeltza
J. jorratu
K. kuia
L. lizuna
M. mikatza, mingotsa
N. nerabea
O. oinutsik, ortozik
P. pixoihala
RR dauka. arrunta
S. suziria
T. totela
TX. txio-txio
TS dauka. hitsa
TZ dauka. ebatzi
X. xiringa
Z. zikoitza

2009-07-26

Hitz pasan aritzeko


A. zerbait egiteko gogoa, txirrinta
B. indartsua, biolentzia handikoa
D. musu truk, de balde
E. amore eman
F. laztana, maitasunezko ukitua
G. txiza
H. sukaldean ontziak eskuz garbitzeko lekua
I. urtarrila
J. zenbait barazkiren gainean belar txarrak kentzea eta bere inguruan lurra pilatzea
K. kalabaza
L. gaztari edo ogi hezeari ateratzen zaiona
M. gazia, geza, gozoa, azidoa eta...
N. hormona guztiak dantzan dituen gaztea
O. zapatarik gabe
P. komuna erabiltzen ez dakite haurrei janzten zaiena
RR dauka. normala, berezia ez dena
S. herri askotako jaien hasieran pizten dena
T. kolpeka hitz egiten duena, hitzak ezin amaitu
TX. txakurrek zaunka egiten dute eta txoriek...
TS dauka. tristea, itzalia
TZ dauka. erabaki
U. euri asko egiten duenean ibaiek gainezka egitea
X. erizainek erabiltzen duten lanabes zorrotza
Z. zekena, xuhurra
erantzunak geroxeago

2009-07-22

Ekaineko zientzia esperimentuak

  1. Azukre koxkor bati su ematea, hau da, garra ateraraztea
Azukre koxkorra zigarro-sukautsez hautseztatu, metalezko pintza batzuekin hartu eta kandela baten laguntzarekin su eman. Gar txikia aterako du, baina, finean, garra.
Materiala: azukre koxkorrak, sukaldeko metalezko pintzak, kandela, zigarro sukautsa

2. Nola bereiziko ditugu arrautza egosia eta arrautza gordina? Zabaldu gabe.

Mahai gainean bi arrautzak biraraziz. Egosiak bueltak aise emango ditu eta gordinari asko kostako zaio.

3. Filmetan espazioan borroka egiten dutenean tiroak entzuten dira, baina bazenekiten ez dela posible. Airerik ez badago, ez dago soinurik.

Txintxirrin bat hartuko dugu, alanbre fin bat lotuko diogu eta kristalezko botila baten barruan sartuko dugu txintxirrina botilaren erdi parean zintzilik geratu arte. Botilaren tapoia hartuko dugu (kortxoa edo tapa metalikoa) zulo bat egingo diogu erdian alanbrea pasatu ahal izateko eta zulo hori bueltan bueltan itxiko dugu.

Jarri tapoia eta eragin botilari. Txintxirrina entzungo dugu, botila barruan airea dagoelako.

Orain aire hori kenduko dugu. Kotoi zati bat hartuko dugu. Alkoholez bustiko dugu. Botila zabalduko dugu. Kotoia botilaren muturrean jarriko dugu (botila etzanda), kotoiari su eman eta kotoia barrurantz bidaliz, azkar-azkar botila itxiko dugu. Sua itzaltzen denean, botilari eragin eta ez da txintxirrina entzungo.

Materiala: kristalezko botila, tapoi metaliko (kristalezko boteek dutenaren antzekoa) edo kortxoa, alanbre fina, txintxirrina, tapoia zulatzeko zerbait, plastilina, alkohola, kotoia, txiskeroa

4. Nola garbituko dugu ur zikina?

Bada, destilatuz. Eta nola destilatuko dugu etxean?

Entsalada ontzi batean ura jarri eta zikindu egingo dugu, esate baterako, gatza, kafe disolbagarria eta ozpinarekin.

Ontziaren erdian edalontzi bat jarri (flotatuko balu harri bat barruan duela), entsalada ontzia film gardenez estaliko dugu eta zeloz itxi. Ontziaren erdian, barruko edalontziaren parean (filmaren gainean) harri bat jarri.

Hau guztia eguzkitan jarri.

Barruko ura lurrundu egingo da, filmaren kontra likidotu egingo eta eta erdiko edalontzia erori arte irristatuko da.

Materiala: entsalada ontzia, ura, kafe disolbagarria, ozpina, gatza, film gardena, bi harri, edalontzia, zeloa, eguzkia(!)

5. Nola egingo dugu sumendi bat etxean?

Entsalada ontzi batean mendi bat egingo dugu harea erabiliz. Mendiaren erdian zulo bat egingo dugu behatza edo boligrafoa edo halako zerbait erabiliz. Bota zulora bikarbonatoa, tinta gorria edo kolorante gorria eta, azkenik, ozpina.

Materiala: entsalada ontzia, harea, ozpina, tinta edo koloratzaile gorria eta bikarbonatoa

6. Nola itzaliko dugu kandela bat? Putz egin gabe, ukitu gabe, urik bota gabe, gainean taparik jarri gabe?

Jarri kandela ontzi zabal baten barruan (edalontzi zabal batek balio du), PIZTU KANDELA, bota bikarbonatoa ontziaren hondoan eta azkenik ozpin txorrotada.

Burbuilaka ari den bitartean saiatu kandela pizten.

7. Nola frogatuko dugu aireak ura daukala?

Edalontzi bat ur hotz eta izotzez beteko dugu. Ondoren tinta eta koloratzailea ere botako ditugu.

Edalontziaren kanpoko aldean agertuko diren ur tantak airean zegoen ura da (eta ez edalontzi barrukoa)

Materiala: edalontzi bat, ura, izotza, tinta edo koloratzailea

8. Nola jarriko dugu txuria arrautza baten zuringoa egosi edo frijjitu gabe?

Zabaldu arrautza gordina eta bota edalontzi batera. Ondoren alkohola bota eta ikusi!!!!

Materiala: arrautza gordina, edalontzia eta alkohola

9. Arrautza egosia botilan sartzeko lehen modua

Entsalada ontzi batean ur oso beroa jarri eta beste entsalada ontzi batean ur oso hotza jarri (izotz zatiekin)

Hartu arrautza egosi bat eta azala kendu.

Hartu kristalezko botila bat (aho zabal samarra daukana) , jarri ur berotan botila, ahoa gora duela eta jarri arrautza botilaren ahoan. Momenturen batean arrautzak salto batzuk emango ditu, baina, lasai.

Hiruzpalau minutu ur beroaren gainean izan ondoren, ur hotzetara pasa botila (arrautza ez mugitu botilaren gainetik) eta itxaron.

Materiala: kristalezko botila aho zabala daukana, ur oso beroa, ur oso hotza, bi entsalada ontzi, arrautza egosia.

10. Arrautza egosia botilan sartzeko bigarren modua

Kendu azala arrautza egosi bati.

Hartu kotoi zati bat, busti alkoholez. Aho zabala duen kristalezko botila hartu, etzan pixka bat, jarri muturrean kotoi zatia, eman su, bultza pittin bat barrurantz, jarri arrautza muturrean, zutitu botila eta itxaron.

Materiala: aho zabala duen kristalezko botila, alkohola, kotoia, txiskeroa, arrautza egosia

11. Zer da momentu batean solido eta bestean likidoa? Nola sor dezakegu hare iraulkorraren efektua etxean?

Bandeja sakon batean ura eta maizena irina nahastu. Pastel kremaren antzeko zerbait lortu behar dugu.

Ore honetan eskua erraz sar liteke. Likidoa den seinale.

Baina kolpe gogor bat emanez gero, ez dugu eskua sartzea lortuko. Solidoaren jokaera izango du.

Materiala: bandeja sakona, ura, maizena irina

12. Itsulapiko berezia

Edalontzi bat urez beteko dugu. Goraino. Hala ere sartu txanponak edalontzira. Uste baino askoz txanpon gehiago sartzea lortuko dugu uraren gainazaleko tentsioari esker.

Materiala: edalontzi bat, ura, txanponak

13. Apurtzen ez den arrautza gordina.

Hartu arrautza gordin bat, jarri edalontzi batean eta ozpinez estali. Utzi horrela bizpahiru egunez. Azal oso biguna duen arrautza gordina lortuko dugu. Zergatik? Ozpinak azalaren kaltzioa (gogorra bihurtzen duena) desegin duelako.

Materiala: arrautza gordina, edalontzia, ozpina

14. Gatza eta piperhautsa nahastuta ditugu, nola bereiziko ditugu? Ezin da urik erabili. Badakizue disolbagarri eta ez disolbagarri kontuak...

Plater batean jarriko ditugu. Plastikozko zerbait hartuko dugu, goilara bat, puxika bat... eta artilezko zerbaiten kontra igurtziko dugu. Ondoren goilara gatz eta piperrautsera hurbildu eta piperrautsa jasoko du, baina gatza ez.

Materiala: piperrautsa (oreganoa bezalako zerbaitek ere balio du), gatza, platera, plastikozko goilara edo puxika eta artilea.

15. Nola lor dezakegu eguzki indarrez dabilen errota?

Ardatz batean (arkatz bat izan daiteke) aluminio paperez egindako lau hegal jarriko ditugu. Ondoren, hegaletako bi belztu egingo ditugu txiskero batekin errez.

Edalontzi bat hartuko dugu. Gainean jartzeko kartoi zati bat moztuko dugu eta erdian zulo bat egingo diogu.

Ardatza zutik jarriko dugu edalontzia eta zuloa daukan kartoia erabiliz.

Hau guztia eguzkitan jartzea besterik ez zaigu faltako.

Eguzkiak alde beltzak askoz gehiago berotuko ditu beste aldeak baino. Energia pilaketa desberdin honi esker ardatzak bueltak ematea lortuko dugu.

Materiala: edalontzia, arkatza, kartoia, aluminio papera, zeloa, txiskeroa

16. Ura hidrogeno eta oxigenoz osatu dago. Nola lortuko dugu etxean daukagunarekin bi elementu hauek elkar bereiztea?

Edalontzi bat urez beteko dugu.

Petaka tamainako pila bat hartuko dugu eta alde batean kable zati bat lotuko diogu eta beste aldean beste zati bat.

Orain kableen beste aldeak edalontzi barruan sartuko ditugu.

Prozesua azkartu nahi badugu, bota gatza urari.

Polo positibora konektatuta dagoen kable muturrean oxigenoa aterako da, eta polo negatiboan hidrogenoa.

Materiala: ura, edalontzia, gatza, bi kable zati, petaka pila

Hemen gaude!!!!

Uf! Gaur konturatu naiz hilabete baino gehiago daramagula ezer ere argitaratu gabe euskaltegiko blogean. Hau lotsa!
Noski! batetik Sanpedroko txozna kudeatu beharra...bestetik batzuen oporrak... eta bestetik euskaltegiari buelta ematea. Bai! Buelta! Ikusiko duzue irailean...
Hau ez da "fiñementube"!