2013-10-31

JOXEMARI ITURRALDEREN LIBURUAK IRAKURRIKO DITUGU

Badakigu noren liburuak irakurriko ditugun. Bazen garaia!

Joxemari Iturralderen  
Poloniako lautada izoztuak 
beheko mailetan eta 
Rasputin eta San Petesburgoko gauak 
goi mailetan.

2013-10-30

AZAROAREN 6 ARTEKO PASABIDEKO GALDERA

Oliver eta Benji telesailean korrika orduak pasatuta ere, inoiz ez ziren atera (porteriara) iristen.

Egin diren kalkuluen arabera, zer neurri zeukan futbol zelaiak?

a) 4 km

b)  9 km

c) 18 km

d) 20 km

LINGUAE VASCONUM PRIMITIAEren autorea????

Bernat Etxeparek idatzi zuen LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE!!!

Gehien-gehienok aztatu duzue!!!!

Lauaxeta 3 boto

Axular 11 boto

Bernat Etxepare 64 boto

Lizardi 6 boto

Notarioaren aurrean zozketa egin eta gero, komuna garbitzeko kamiseta jasoko duena hasiera mailako Itziar da!!! (mmm.... berriro hasiera maila?)
:-)

2013-10-29

KONPARAZIOEKIN ZORO SAMAR AZKEN ALDIAN ETA...

Pertsona, leku eta gauzen deskripziorako zoratu samar gabiltza azken aldian A2n hasi diren ikasleekin.

Gaurko BERRIAn hau opatu dugu.

Erakutsi eginen diegu.


GERTATU ZAIGUNA KONTATZEN IKASTEN ARI GARA ETXARRI ARANATZEN

Gertatu zaiguna kontatzen ikasten ari gara Etxarri Aranatzeko taldean.

Hori dela-eta, gaurko klasean honako ariketa eginen dugu.


Aurrena denon artean klasera agertzeko moduak pentsatuko ditugu: nekatuta, negarrez, kriston begizuloekin, besoa hautsita, oso dotore, mozkortuta, esku hutsik, zikin-zikin...

Egoera horietan klasera agertzeko arrazoiak argituko ditugu denon artean.

Ondoren binaka egoera bana hartu (edo bi) eta istorioa asmatu beharko dugu. Aditzak egoki erabiltzeari erreparatuko diogu batez ere.

Ondoren antzeztu eginen ditugu egoerak.



 

BIHAR EGAKOEK IDAZLAN LUZE BAT EGIN BEHARKO DUTE!!!!! BESTEAK BESTE!!!


2013-10-28

GAUR EGUERDIAN PRESTATU DITUGU ETA ORAINDIK MUSTU GABE DAUDE, BAINA SARRI...

Gaur eguerdian prestatu ditugu eta oraindik mustu gabe daude, baina sarri... sarri ikusiko duzue. Baietz euskaraz egin zitekeela ez zenekiten establezimenduen izenak aurkitu????

NON EGIN DAITEKE EUSKARAZ? da panelaren izena eta denon artean Sakanan euskaraz egin daitekeen establezimenduen zerrenda eginen dugu.


2013-10-27

ETA GU ORAINDIK ZEIN IDAZLEREN LIBURUAK IRAKURRIKO DITUGUN AUKERATU GABE!

Duela aste batzuk esan genizuen erdi aukeratuta genuela autorea. Ba...  joan den asteaz esan ziguten ez zela egokiena izanen omen daukan euskara mailarengatik. Nahiz eta azken urteetan euskaraz ere idazten hasi den.


Eta beste bi autoreren artean aukera egiteko esan ziguten.

Hor ibili ginen zer nolako liburuak dauzkaten begira.

Ondoren idazle horiek Altsasura etortzeko prest leudekeen jakin behar.

Eta kontu bat eta beste bat

eta gu

liburua irakurtzen hasi gabe.


HARA NOLA ZEGOEN PASABIDEKO GALDERAREN ERANTZUN ORRIA!

Hara nola zegoen joan den ostiralean pasabideko galderaren erantzun orria!!!!!!


2013-10-26

BI GURASO TALDEAK HELDU DEN ASTEAN

Heldu den astean, azaroaren 1ean, Irurtzungo Atakondoa eskolan klaseak ematen dituzten gurasoek ez daukate klaserik. Jai da.
Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan klaseak ematen dituzten gurasoek, berriz, urriaren 31n eta azaroaren 1ean jai dute.

Aste motza Etxarriko taldekoek!


2013-10-23

URRIAREN 30 ARTEKO PASABIDEKO GALDERA


LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE liburua

euskaraz inprimatutako lehenengoa izan zen, 1545 urtean Bordelen.

Nork idatzi zuen?

a) LAUAXETAK

b) AXULARREK

c)BERNAT ETXEPAREK

d) LIZARDIK

KATUEN BIBOTEEN GALDERAREN ERANTZUNA!

Katuei bibotea mozten badiegu, 
oreka galtzen dute!!!!!!

41 lagunek aztatu dute!!!!!

Usaimenaren aukera 18 lagunek

Oreka galtzearena 41 lagunek

Norabidea galtzearena 34 lagunek

Hiltzearena 2 lagunek? Lagun batek?

Notarioaren aurrean zozketa egin eta gero, Hasiera mailako Isak irabazi du ikaragarrizko kamiseta!!!!!

2013-10-22

LEKUEN, PERTSONEN ETA GAUZEN DESKRIPZIOA LANTZEN

Aurreko batean esan genuen bezala, A1-2 taldean lekuen, pertsonen eta gauzen deskripzioa lantzen ari gara, ia bukatzen.

Joan den ostegunen gure gustuko argazkien deskribapena egin genuen.


Hona hemen irakaslearena.

 Ni nagoen argazkia Himalaiakoa da, Khumbu aranekoa. 2002ko urrikoa da.
Eguraldi ederra dago: oskarbi. Zerua urdin iluna dago. Ez du hotz handirik egiten. Gore-texa jantzita daukat, baina ez daukat ez txanorik ez eskularrurik. Gainera berokia zabalik daukat.
Ni erdian nago, zutik. Nire inguruan dena lehorra dago. Harri asko daude eta oso belar gutxi.
Atzean mendi lerro luze bat dago. Mendi altuenak/handienak 7.200 metro dauzka eta Pumori deitzen da.
Eskuinean Everest dago, baina ez da ikusten.


2013-10-21

GAUR ASTELEHENA DA. ETA?

Ba... euskaltegiko talde gehien-gehienetan astelehero asteburua kontatzen dugu.

Esaterako A1-A2 taldeetan papertxoetan idatzi dute asteburuan egindakoa eta gero paperak banatu. Batak bestearena zuzendu du.

Etxarri Aranazko taldean "nintzen" eta "ginen" oso ongi erabiltzen genuenez eta "nuen", "nituen", "genuen" eta "genituen" nahiko ongi,

gaur "zidan", "zizkidan", "nion" eta "nizkion" erabili behar izan dituzte.


2013-10-19

ERRIGORAKO BARAZKIAK





             
Euskaltegian dago kaxa ikusgai. Nahi duenak eskaria egin dezake, zuzendariari izena emanda.
Geroago kaxak ekarriko dituzte eta 50 euro ordaindu behar zaizkio zuzendariari.

Diru horren %25 zuzen-zuzenean Nafarroako "zona no vascófona"ko euskalgintzako kontuetarako erabiliko da.

Heldu den udaberrian  produktu freskoekin, olioarekin edota ardoarekin eginen da kanpaina.


2013-10-18

ERRIBERAKO BARAZKI EUSKALDUNAK EUSKALTEGIAN!!!!

Zergatik? 
Zertarako? 
Zer dago zehazki kutxa horretan? 
Bihar kontatuko dizuegu!!!!

PASABIDEKO GALDERAK INTERESA SORTZEN DU!!!!!


2013-10-17

2013-10-16

URRIAREN 23 ARTEKO PASABIDEKO GALDERA

Zer gertatuko litzaioke katu bati,
biboteak moztuko bagenizkio?

a) Usaimena galduko luke.
b) Oreka galduko luke.
c) Norabidea galduko luke.
d) Hilko litzateke.

ONDDOEN GALDERAREN ERANTZUNA

Hemingwayren aukera zen gezurra. Ainhoak asmatu zuen eta kito.

A) Handiena 27 boto
B) Hemingwayrena 33 boto
C) Baimena eskatu 6 boto
D) Kolore aldaketarena 11 boto

Notarioaren aurrean zozketa egin eta gero, ikaragarrizko saria jasoko duena goizeko A1 aurreratua taldeko Marta da!!!!!!
Etxeko lanak egiteko sekulako kamiseta jasoko du!!!!!!


2013-10-14

ETXARRIKO TALDEAN GURE PASADIZOAK ETA ISTORIOAK KONTATZEN




Etxarri Aranatzeko taldean gure pasadizoak eta istorioak kontatzen trebatuko gara. Horretarako hainbat kontzeptu landuko ditugu. Gaur hasi gara.

 

Gaur asteburua kontatu, aurreko zikloko errezetak elkarri kontatu, lan berriak zein izanen diren azaldu, lan berrietan hasi film labur bat ikusiz eta klasea bukatu zaigu!!!!!!

 

2013-10-11

HONDAKINEN TURISMOA EGITEN DUGU!!!

Bai, hondakinen turismoa egiten dugu!

Gure hondakin organikoak, asko ez diren arren,  konpostatzea martxan dagoen herrietara eramaten ditugu, Etxarri Aranatzera gehienetan.
Altsasun oraindik ez dago.

Ikasgeletan ez dago zakarrontzirik
eta edukiontzi horiko hondakinak kafe makinaren ondoan uzten ditugu.


errefusa pasabidean,
organikoa pasabidean,

eta papera eta kartoia hiru lekutan
zuzendariaren bulegoan
pasabidean eta  fotokopiagailuaren ondoan sailkatzen ditugu. Txukun-txukun.


2013-10-10

IKASTURTEKO LEHEN TXANGOA!

Atzo, urriak 9, klaseen akaberan goizeko hainbat ikasle eta irakasle Altsasuko Iortian izan ziren.

Normalean garbigunean, errefusan edo Emauseko trapuketarietan bukatzen duten materialekin hainbat institututako ikaslek egindako munstroak ikustera joan ziren.











2013-10-09

URRIAREN 16 ARTEKO PASABIDEKO GALDERA


ZEIN DA GEZURRA?

ONDDO BELTZA

A) Onddo beltza guk jaten dugun zizarik handiena da.

B) Hemingwayk 1923ko Sanferminetan jan zituen lehen aldiz onddoak.

C) Auritzeko basoetan onddoak hartu nahi badituzu, lehenago udaletxean baimena eskatu behar duzu.

D)    Onddo gazteak enborra zuria izaten du eta txapela  marroia. Zahartzean zurtoina berdexka izaten da eta txapela brontze kolorekoa.
 

URRIAREN 9 ARTEKO GALDERAREN ERANTZUNA

Bada, dogonera da!!!!!!!

Diario de noticias de Navarra egunkarian agertutako berri baten arabera.

http://www.noticiasdenavarra.com/2013/04/04/sociedad/euskadi/un-lingista-asegura-que-el-euskera-procede-del-dogon-hablado-en-mali-

a) finlandiera 13 boto
b) georgiera 19 boto
c) dogonera 34 boto
d) bereberea 32 boto

Notarioaren aurrean zozketa egin eta gero, saritzat Aitorren musu bat "en diferido" jasoko duena Irurtzungo Ricardo da!!!!

2013-10-08

TXITXIYOEKIN HANKA SARTU!

Gaur Etxarri Aranatzeko taldean txitxiyoen (Etxarri Aranatzen txitxiyo) jokua egin dugu.

Partaide bakoitzak 12 txitxiyo dauzka.

Jokoa hasten duenak 12 txitxiyoak bi eskuen artean banatu ditu. Eskuak itxi ditu eta eskuetako bat erakutsi dio taldeko beste bati eta zera galdetu dio: Zer ordu da?

Taldeko beste horrek ordu bat esan behar du, gaueko hamabien eta eguerdiko hamabien artean. Hau da, zerotik hamabira.

Eta eskua zabaldu eta txitxiyoak erakutsi.

Demagun bostak esan duela eta eskuan lau txitxiyo daudela. Ez du aztatu. Aldea ordaindu behar dio, kasu honetan, txitxiyo bat.

Beste adibide bat, demagun zortziak esan duela eta eskuan txitxiyo bakarra dagoela. Ez du aztatu. Aldea ordaindu behar dio, kasu honetan, zazpi txitxiyo.

Beste adibide bat, demagun hamabiak esan duela eta hamabi txitxiyo daudela eskuan. Aztatu du!!!! Beraz, txitxiyo horiek guztiak irabaziko ditu.

Txandaka-txandaka, hainbat truke egin.

Hasieran erraz samarra da bakoitzak zenbat txitxiyo dituen gogoan baitugu, baina trukeak egin ahala, gero eta nahastuago dago eta zailagoa da nork zenbat dauzkan jakitea.

Nahikoa dela deritzogunean, zenbat txitxiyo dauzkagun kontatu dugu.

Gehienak dauzkana irabazle!

Eta zenbat txitxiyo dauzkazue? galdetu diet eta zera esan dute: Ni lau! Ni hamar! Ni hamabost!!! Ni hogei dauzkat!!!

Ene!!! Ni hogei dauzkat??????!!!!!!!
 
Baina, zein ongi pasatu dugun!!!!!!




NORENAK DIRA BELARRITAKO HAUEK?

Duela egun batzuk belarritako hauek aurkitu genituen euskaltegian.

Eta oraindik ez dugu jabea aurkitu.

Norenak dira?

Mustu gabe daude!

Jabea agertzen ez bada, pasabideko galderaren saritarako erabiliko ditugu! :-)

2013-10-06

ZEIN LIBURU IRAKURRIKO DITUGU?

Hori pentsatzen ari gara egun hauetan euskaltegiko irakasleak.

Udazkenero euskal idazle baten liburuak irakurtzen ditugu eta neguko oporren aurretik idazle horrek bisita egiten digu.

Bisita Mankomunitateak ordaintzen du, baina Mankomunitateak guri idazlea proposatzen uzten digu.

Ia-ia erabaki dugu zein idazle etortzea nahi dugun. Heldua izanik euskaldundu den idazlea da eta idazteko nahiko estilo erraza dauka. Haurrendako, gaztetxoendako eta helduendako liburuak dauzka, horrela ia denondako moduko liburuak aurkituko ditugu.

Orain berari hona etortzea proposatzea falta da. Ea ahal duen!!!!!!

Mintzakideei ere liburu horiek irakurtzeko proposatzen zaie.

2013-10-04

HASIERA MAILAKOEN LEHEN EGUNAK

Euskaraz agurtzen ikasten ari dira.

Euren buruak euskaraz aurkezten ikasten ari dira.

Zenbakiak euskaraz esaten ikasten ari dira.

Koloreak euskaraz esaten ikasten ari dira.
Eta aldameneko ikasgeletatik entzuten diren jauzken arabera, oso ongi pasatzen dute!!!!

2013-10-03

A1-A2 mailakoen lehen zikloa


Hiru aste hauetako lanak:

 

*Pertsonak eta lekuak edo gauzak deskribatzen ikasiko dugu.

Horretarako:

Konparazioak egiten ikasiko dugu,

Adjektiboak errepasatuko ditugu eta

Iritzia emateko zenbait esamolde ikasiko ditugu.

 

 

* Normalean egiten ditugun gauzak kontatzen ikasiko dugu.

Horretarako:

Denborazko esaldiak egiten ikasiko dugu,

Ezezko esaldiak errepasatuko ditugu eta

gustuak adierazteko esaldiak berrikusiko ditugu.

2013-10-02

URRIAREN 9 ARTEKO PASABIDEKO GALDERA


Zein hizkuntzari buruz ari gara?

soro – soro(euskaraz)          
beri – bero(euskaraz)

sani de – senide(euskaraz)
kose – gose(euskaraz)

kwiye – kuia(euskaraz)
togi – toki (euskaraz)




a) finlandiera

b) georgiera

c)   dogonera (Mali)

d) bereberea
 

2013-10-01

BIXI-BIXI

Goizeko hamarrak laurden gutxi dira.

Hasi dira goizeko klaseak.

Lau ikasgela dauzkagu eta lau ikasgelak beteta. Gaur asteartea da... EGAkoek astearteetan ez daukate klaserik.

Astelehena, asteazkena edota osteguna balitz, lau ikasgeletan eta irakasle gelan.

Eta zertan ari dira?

  • B1-B2n elkarri komunikabideetan irakurri eta entzun dituzten berriak kontatzen: Galiziako Asunta, Berlusconi...

  • Hasiera mailakoak lehentxo pasabidera atera dira, euskaltegian zehar paratuta dauden post-it batzuen bila. Oinarrizko hiztegia ikasten ari dira, familiari buruzkoa.

  • A1 mailan balizko yoga ikastaro batean telefonoz izena emateko elkarrizketa nolakoa litzatekeen prestatzen ari dira.

  • B2-C1 mailan egungo lan-egoera komentatzen ari dira. Ondorioren bat edota konponbideren bat aurkitzen badute, hemen blogean primizian jarri ahal izateko esatea eskatu diet.

Hamaikak aldera autoikaskuntzakoek mintzasaioa daukate.


EGAkoak bihar aurreko astean euren kontura bakar-bakarrik egin behar izan zuten atarikoa zuzentzen hasiko dira. Interneten euskara ikasteko baliabideak ezagutuko dituzte eta esamolde batzuk ikasteko joko bat eginen dute.