2010-12-14

AEKren eta IKAren inguruan

AEK-k eta IKAk Nafarroako Foru Parlamentuko taldeei

egiten dieten eskaera, 2011ko aurrekontuak direla eta.

Guztiok ongi dakizuen bezala, helduen euskalduntze alfabetatzearen ibilbidea 70eko hamarkadan hasi zen. Nafarroako Gobernuak Vianako Printzea erakundearen bidez sustatu eta lagundu zuen zenbait urtez jarduera
hau. Harrezkero zenbait euskaltegi sortu izan dira, tartean Gobernuarenak berarenak ere bai. Herri ekimeneko euskaltegien diru-laguntzak bideratzeko, berriz, 1988an egin zuten indarrean dagoen Foru dekretua. Herriak sortutako gau-eskola eta euskaltegi hauek, ia guztiak, AEK eta IKA sareek elkartzen dituzte. 2009-2010 ikasturtean Gobernuak diruz lagunduriko 2.229 ikasle aritu ziren zerbitzua Nafarroa osoan eskaintzen saiatzen diren euskaltegi hauetan, urritik ekainera bitarteko ikastaroetan.
Eskualde askotan herritarrak euskara ikasteko duen aukera bakarra IKA edo AEK-ko euskaltegiak dira.

Parlamentuan aurten berean ikusi zenuten bezala, Nafarroako Gobernuaren Zubiarte euskaltegian, hasiera batean batez ere ikastaro trinkoak ematen zituen horretan, taldeko eta orduko kostua 112,48 eurokoa zen 2008-2009 ikasturtean. Ikastaldeak 10 lagunekoak izanik, ikasleko eta orduko kostua
11,25 eurokoa zen, beraz.

Nafarroako Gobernuak, ordea, 2010. urtean ikasleko eta orduko 0,80 euroko diru-laguntza eman die AEK eta IKAko euskaltegiei, hau da, 2008- 2009 ikasturtean Zubiarteko, Gobernuaren euskaltegiko, ikasleko eta
orduko kostuaren %7,11.

Bestalde, azken hamarkadan Nafarroako Gobernuak herri ekimeneko euskaltegiei ematen dien diru-laguntzak gorabehera handiak izan ditu. Ikusten den bezala, 2001etik 2010era %39,75 jaitsi da laguntza hori, KPIa kontuan izan gabe.
 KPIa aintzat harturik, 2001etik 2010era diru-laguntzaren jaitsiera %51koa da, erdia, hain zuzen ere.

AEK edo IKAko ikasleak, batez beste, 1,85€ inguru ordaindu beharko du eskola ordu bakoitzeko 2010-2011 ikasturtean. Zubiarten, Nafarroako Gobernuaren euskaltegian, berriz, ohiko ikasleak 0,40€ eskola orduko eta berriak 0,56€. Gure ohiko ikasleak, hortaz, Gobernuaren euskaltegikoak halako 4 baino gehiago ordainduko du heldu den ikasturtean.

Datu hauek ikusita, garbi ikusten da herri ekimeneko euskaltegiek beste lan batzuk egin behar izaten dituztela beraien jarduera nagusia den helduen euskalduntzeari eusteko. Azken batean, irakasleen ahaleginei esker diraute herritarrei zerbitzua ematen AEK eta IKAko euskaltegiek.

Nafarroako Parlamentuak 2010eko otsailaren 18an honako erabaki hau onetsi zuen: “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetza hitzarmen bat sina dezan AEK eta IKA
erakundeekin, helduei euskara irakasteko eginkizuna bete dezaten. Hitzarmen horren bidez ziurtatuko zaie nahikoa baliabide ekonomiko izatea, prestakuntza beharren arabera, baita xede horretarako dauden baliabideen plangintzaren eta antolamenduaren arabera ere.”

Parlamentuak hartutako erabaki hau kontuan izanik, hainbat bilera egin ditugu Euskarabidearekin, AEK-k eta IKAk. 2011ko aurrekontuei begira,  aurretik aipatu ditugun datu kezkagarri horiek ikusirik, azken urte
hauetako eskakizun bera egiten dugu, hau da, euskara ikasi nahi duen herritarrak dirutan egiten duen adinako ahalegina egitea, gutxienean, Gobernuak. Horretarako, 2011. urteko aurrekontuetan 957.608€ jarri
beharko dira, jakinik herritarrak 1,85€ ordaintzen duela, batez beste, eskola orduko herri ekimeneko euskaltegietan.

Igoera hau, Parlamentuan harturiko erabakiaren ildotik, lankidetza hitzarmena sinatu aurreko lehen urrats gisa ikusten dugu eta beharbeharrezkoa egoeraren larria aztertuta. Gure komunitatean hizkuntzaren garapenean eta honen normalizazioaren bidean, helduen euskalduntzeari lehentasuna eman behar zaio, eta, beraz,
ezinbestekoa da euskaltegion lana indartuko duen bidea hartzea. Hortaz,esan bezala, hemen proposatzen dugun lehen urrats hau abiapuntua da.

Iruñean, 2010eko irailaren 6an

Helios del Santo Gomez  - Nafarroako AEK
Sagrario Aleman Astiz - Nafarroako IKA