2017-10-17

EZ DOK HIRU ANTZERKIA ASTEBURUAN

Ez dok hiru,  Euskal Herriko kantutegian oinarritutako antzezlana da, baina ez nolanahikoa, eroa, zoroa, irrigarria, barregarria, absurdoa, eta dibertigarria baita. Publiko helduari zuzendutako ikuskizuna da, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak testuak sortu ditu eta Mikel Martínezek eta Telleriak berak antzeztuko dute, Jokin Oregiren zuzendaritzapean.

Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira —zatiak, noski!— eta denak ez bada, gehienak, ezagun egingo zaizkizu. Gure musika-ondarea altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko.

Sarreren salmenta Iortia kultur etxean bertan edo Internet bidez  (www.iortiakultura.com webgunean) egingo da (irailaren 1etik aurrera): aurretik 10 € (urriaren 20ra arte) eta egunean bertan 12 € (urriaren 21ean). Berrialagunek 2 euroko deskontua izanen dute. Erosketa aldez aurretik egin nahi badute, sarrerak Berrian eskatu beharko dituzte urriaren 17a baino lehen eta kontzertuaren egunean Iortiako txarteldegian jaso. Berriak haien kontutik kobratuko die. Egunean bertan erosten badute Berrialagun-txartela erakutsi beharko dute txarteldegian deskontua egin ahal izateko (Berrialagun bakoitzak bi sarrera erosi ahal izanen ditu gehienez ere deskontua aplikatuta). Sarreretatik jasotako dirua Berria fundazioarendako izanen da.