2014-02-24

Euskaraz bizi nahi dugulako, martxoaren 22an denok Iruñera!

Euskaraz bizi nahi dugulako, martxoaren 22an denok Iruñera!

Nafarroako Gobernuak euskal komunitatea “mutu” nahi duela salatzeko, ahoa eskuekin estaliz, larunbatean (otsailak 22) 70 lagunek baino gehiagok manifestaziora deitu zuten martxoaren 22rako Iruñean. Martxa Antoniutti parketik abiatuko da, 17:30ean, “Euskaldunok, gu, euskaltzaleok” lelopean.

Nafarroan euskaraz bizi nahi dutenek Nafarroaren Gobernuaren aldetik jasotzen dituzten oztopoak eta erasoak salatuko dituzte: Euskararen Legeak dakarren zonifikazioa, D eredua kakazteko ahaleginak, Nafarroak ETB sare digitalean ikusteko debekua, euskaltegiak eta euskarazko komunikabideak diru-laguntzarik gabe uztea, udalerri batzuetan hainbat zerbitzu -liburutegietan, osasun-etxeetan...- euskaraz jasotzea galaraztea...

Euskal komunikateak Gobernuaren hizkuntza politika itxuragabe eta bidegabea beste behin ere ozen salatzera deitu du eta eraso zerrenda amaigabeari bukaera emateko eskatuko diote Gobernuari. Euskararen aldeko benetako hizkuntza politika eraginkorra aldarrikatuko dute, euskal komunitatea ez delako mutua; ezta ikustezina ere.

Martxoaren 22ko manifestazioak atxikimendu ugari jaso ditu (zerrenda erantsita). Babesa adierazi nahi duenak euskaldunok.m22@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez egin dezake.

Nafarroan ere euskaraz bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu!