2009-02-20

Errezeta 1

Anana moussa

Osagaiak 7 katilukada inguru egiteko:
anana lata handia
esne kondentsatu lata txikia
3 limoi
esnegain potetxoa (200 ml ingurukoa)
txokolate beltz tableta


Nola prestatu

Hoberena jan bezperan prestatzea da.

Esnegaina harrotzeko erabiliko dugun ontzia izozkailuan sartuko dugu ordubete edo bi ordu lehenago. Esnegaina hozkailuan gordeko dugu harrotu arte.

Anana xerrak zatituko ditugu eta katilu handi batera bota. Latako anana zukua eta esne kondentsatua ere botako ditugu. Amaitzeko limoiak zukutuko ditugu eta bai zukua bai mamia botako ditugu. Kontuz! Limoi haziak ez!

Guztia txiki-txiki egingo dugu irabiagailuaren laguntzarekin. Lasai lodi-lodi ez badago. Hurrengo egunean krema lodia izango da.

Zali batekin zazpi katilutan banatuko dugu.

Izozkailutik ontzia aterako dugu eta irabiagailuarekin esnegaina harrotuko dugu, elurra bezala geratu arte. Ondoren katilu bakoitzean koilarakada bana esnegain jarriko dugu.

Katilu guztiak hozkailuan gordeko ditugu.

Hurrengo egunean, zerbitzatu baino lehen, txokolate beltz pixka bat botako diogu gainetik xehatuta.

Oharra: komenigarria da anana xerrak luzetara eta zabalera moztea.